viernes, 21 de noviembre de 2014

NOR GARA?

Erronkariko bailaran kokatuta dagoen Garde herriko pilota eskola gara. Euskal pilota, bereziki esku pilota, maite dutenen txokoa da gurea, euskaldunon kirol tradizional eder hau ardatz duena. Ez gara eskola handi bat ez ekonomikoki, ez ikasle kopuruan, ez instalazioen tamainan eta ezta lehiaketetako garaipenetan ere, baina bai ditugun gogo eta ilusioan.

Blogaren helburu nagusia gure eskolaren eta bere partaide eta jardueren berri ematea izango da. Modu honetan, eskola osatzen dugun pilotazaleen arteko informazio transmisioa hobetu eta oraindik gurekin ez dagoen jendearengana heltzeko baliabide bat sortu nahi izan dugu. Era berean, pilota munduko albiste zein aholkuak eta, nola ez, gure kirolarien lehiaketen egutegi eta nondik norakoak eskuragarri jarriko ditugu.

Gure eskolaren norabidean, pedagogikoa eta hezitzailea izatea dugu lehentasunezko helburu, bereziki hastapeneko adinetan. Modu honetan, eta handitu ahala, lehiaz gozatzeko baliabideak ikasita dituzten jokalariak sortzen ditu gure harrobiak, urte askotan gure lurretako kirol nagusia izan denak merezi duen errespetu eta mailaz aritzen direnak alegia.

HISTORIA PIXKA BAT:

JATORRIA

Erronkari haraneko pilota eskola 1997. urtean sortu zen. Jose Joaquin Galan izeneko erronkariarrak esku pilota txapelketa bat antolatu zuen bailarako gazteentzat eta erantzun zabala jaso zuen. Ondorioz, Garde herriko udala arduradun nagusia izanik, eta Jose Javier Etxandi alkate zela, esku pilota eskola bat sortzea erabaki zuten. 17 urteotan gorantza jo du nabarmen nafar lurraldeetako inguruotan pilotarekiko zegoen ikusmirak eta ikasle kopuruak.

ORAINA

Geografikoki dugun kokapenak muga faktoretzat eragiten du gure eskolan. Azken finean, gure pilotariak 5 edo 6 urtetatik 16 urte arteko haraneko gaztetxoak izaten dira, hau da, haraneko eskolan amaitu ( inguruotako bakarra) eta Iruñeara ikastera joan behar diren arte egoten dira gurekin. Beraz, ikasle kopurua Erronkari bailarako belaunaldien gazte kopuruak baldintzatzen du. Aurten 25 ikasle ditugu gure eskolan, eta sorreratik 30 haur ere izatera iritsi bagara ere, aurtengo belaunaldiaren kopuruak azken urteotako 10 ikasleak atzean uzten ditu. Kopuru ez oso handiekin kontatzeak besteak beste, hurbiltasun handiagoz lan egitea ahalbidetzen du eta oso giro polita sortzen da ikasle-irakasle harremanean, lanaren kalitatea hobea izatea ahalbidetzen duelarik.

Emakumezkoei dagokienez, haien partehartzea oraindik ere oso eskasa bada ere, egun 8 urteko neskato bat dugu ikasleen artean eta jada eskolaren 17 urteotan igarotzen den laugarrena dugu.

ETORKIZUNA

Argi dugu gaurko lanak dakarrela fruitua. Entrenamenduetan, maila on bat hartu dezaten saiatzeaz gain, entrenatzera gogotsu eta pozik etor daitezen da gure helburua, azken batean aisialdia baita pilota ere. Gaztetxoak entrenamenduaz gozatzen badu, etortzen jarraitzeaz gain, jende berria hurbilaraziko du modu honetan gure lan eta pasio honen iraupena bermatuz.

16 comentarios:

  1. Blog honetan ere, informazio iturri anitzak erabili dituzte. Elkarrizketak prestatzaile fisikoari, bideoak, web orrialde batzuetako informazioa, beste blog batzuk erreparatzea etab. Euskarari dagokionez, ortografia zaindu dute eta zuzen erabili dute hizkuntza. Iktak, ondo erabili dituzte, blogean bideoak naiz argazkiak agertzen baitira. Blogaren diseinuari dagokionez, ondo dago banatua baina batzuetan gauzak aurkitzea zaila da eta letra oso txikia ipini dutela iruditu zait. Ez dago euren argazkirik kolaborazio lana izan dela zehazten duena. Lanaren araberako irizpide zehatzei dagokienez, ezpezialitate bakarra jorratzen dela adierazten dute. Eskuz ibiltzen dira eta honen barruan hiru jokamolde bereizten dituzte (Banaka, binaka eta 4 ½). Instalazioei dagokienez, nahiko ondo deskribatzen dituzte.8 bat zuentzako!

    ResponderEliminar
  2. 1.-Informazio iturri desberdinak erabili dituztela garbi ikusten da, eta informazioa ere txukun dago baina egia da ez dela blog erakargarria bistarako, hitz asko dago eta argazki bideo eta hantzerako gutxi IKT gehiago erabiltzea gustatuko litzaidake edo blogean txertatzea kanpo lorturetara jo gabe. Informazio aldetik ordea ikusten da gustura egin duten lan bat dela eta lanean sakon sartu direla informazio asko dago eta, esteka desberdinak erabiliz. Ebidentziarik ez dago talde lana denek egin duten ikusteko baina aipu bat egiten da 4 rak elkarrizketara joan zirela esanez. Euskara aldetik ere zuzena dela iruditzen zait.
    2.-Zehatzetara joaz zein jokamolde jokatzen dituzten aipatzen dute, pilotalekuaren deskribapen zehatza ere egitenda eta pilotei buruz paragrafo txiki bat ere ikusi ahal dugu naiz eta kostata aurkitu dudan. Elkartea primeran esplikatzen dute zuzendariak eta abarrekoak zein diren esanaz eta pilotari bakoitzaren izena ere lortu dute bakoitza bere kategorian sartuz. Metodologia ere azaltzen dute. Klubak txapelketarik ez duela antolatzen ematen du baina pilotari profesionalen hitzalditxoren bat edo antolatzen dutela dirudi umeak erakartzeko asmoz. Kluba txiki- ertaina dela ikusten den arren neskato bat ere badute beraz irikia dela ikusten da nahiz eta ez dudan ikusi zehaztua horrela denik.
    3.-Hau guztia ikusirik bloga ondo dago informazio aldetik baina antolaketa eta erabilgarritasuna hobetuko nuke nik beraz 7 bat emango nieke.

    ResponderEliminar
  3. TOKI EDERRA PILOTA ESKOLA
    1. Ebaluazio irizpide nagusiak:
    -Datuak jasotzeko iturri ezberdinak jaso dituzte: elkarrizketak (Arturo Arbizuri), prestatzaile fisiko baten laguntza eta beste blogen behaketa.
    -Aurkezpenari dagokionez blog antolatua da. Datuak era argi batean daude jarrita eta aurkitzen errazak dira eskaturiko puntuak.
    -IKT tresnak erabili dituzte, bideoak, argazkiak, elkarrizketak...
    -Diseinua ere ona da, baina faltan botatzen dut erakargarriagoa egin dezakeen irudi, klubeko logo edo argazkiren bat sarreran egotea. Gauzak nahiko antolatuta eta argi ikusten dira.
    -Kolaborazio lana izan denaren ebidentzia argiak ez daude, argazki bat esaterako, baina orokorrean egin duten lanak erakusten haien arteko kolaborazioa, erreferentzietan ikusi daiteke solasaldia izan zutela tabernan Arturo Arbizurekin.
    -Erabilitako hizkuntza egokia da ulergarria oso eta argia.
    2. Ebaluazio irizpide zehatzak:
    -Instalazio ezberdinak erakutsi dituzte eta kluba osatzen dutenen deskribapena ere egin dute.
    -Ikastetxe bati buruzko aipamena egiten dute nahiz eta txikia izan eta umeak bertan 16 urtera bitartean aritzen direla adierazten dute.
    -Klubaren inguruko informazio nahiko ematen da, entrenatzaileak, pilotariak, instalazioak, baina atal batzuetan informazio hori pixka bat eskasa da.
    3. Kalifikazioa
    Orokorrean lana ona da, gustatu zait bloga, baina zer edo zer erakargarriagoa bihurtuko lukeen zerbait falta zaio (argazki gehiago sarreran edo). Nire nota 7,5 da.
    4. Ane Lore Nazabal (Jarduera Fisikoaren eta Kirolen Zientzien Fakultatea 1.maila)

    ResponderEliminar
  4. 1.-Ebaluazio irizpide nagusiak: Datuak jasotzeko iturri desberdinak erabili dituzte, bloga ahalik eta osatuena egiteko. Aurkezpena egokia da, testua ordenatua dago eta zehaztasunez idatzia. IKT tresnak ez dituzte behar bezala erabili, gehiago garatu beharko lituzketelako. Izan ere, ez dute ia argazkirik ezta bideorik jarri. Blogaren diseinua egokia da, nahiko praktikoa da, nahiz eta ez dituzten alderdi desberdin asko garatu. Gainera, ez dago inolako informaziorik kolaborazio lana dela azaltzen duenik. Hizkuntza aberatsa eta erakargarria erabiltzen dute.
    2.-Ebaluazio irizpide zehatzak: irizpide zehatzak ez ditu behar bezala lantzen, izan ere, ez ditu irizpide batzuk azaltzen. Besteak beste, ez du pilota eskolatik gertu dauden ikastetxeen kopuru eta tipologia azaltzen, ezta eskolaren helburu nagusiak ere. Gainera, ez ditu erabiltzaileak erakartzeko erabiltzen dituen jarduerak esplikatzen. Hala ere, nahiko osatua dago bloga eta “aholkuak” izeneko atal interesgarri bat topa dezakegu, non pilotan jokatu aurretik egin beharreko beroketak egiteko prozesua eta modua esplikatzen duen.
    3.-Kalifikazioa: 7,5.
    4.- Haritz Alduntzin, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko 1. Mailako ikaslea.

    ResponderEliminar
  5. Lehenik, informazio iturriak ugariak direla argi ikusten da. Nire ustez, batzutan astunegia suertatu zait irakurgaia bukatzea, dena den, izugarria da egin duten lana eta informazioaren antolakuntza bikaina da. Erreztasun handiz aurkitzen dugu informazioa eta IKT-ren erabilpena oso txukuna da informazio gehigarri asko aurkitzeko.

    Diseinuaren aldetik, blog koloretsua eta bizia da, baina faltan botatzen da inguruaren argazki pare bat tokiko edertasuna somatzeko. Bestetik, esteken antolakuntza oso ona da.
    Kolaborazio lan bakarra aurkitzen dugu, Arturo Arbizuriren elkarrizketa interesgarria nire ustez.
    Hizkuntzaren aldetik, ulergarria eta fina da, erreztasunez irakurtzen dena.

    Azkenik, orokorrean asko gustatu zait bloga, eta oso interesgarria iruditu zait. Horregatik, nire nota 8 bat da.

    Jon Idiakez (Jarduera Fisikoaren eta Kirolen Zientzien Fakultatea 1. maila)

    ResponderEliminar
  6. IRIZPIDE NAGUSIAK
    Informazio-iturriak: “ Erreferentziak” sailean diotenez, hiru informazio iturri baino gehiago erabili dituzte, beraz, bikain jardun dira arlo hau kontuan hartuz.
    Aurkezpenaren argitasuna: Ongi ordenatua dago informazioa, eta galderari bere osotasunean erantzuten diola esango nuke: espezialitateak, kontaktua, historia, instalazioak… bikain.
    IKT- tresnen erabilera: Bideo eta argazkiak darabiltzate, ez zait oso aberatsa iruditu alde horretatik, nahiko ongi.
    Blogaren diseinua: Erabat erabilerraza eta erakargarria, gabeziarik ez alde honetatik, bikain.
    Kolaborazio lana: Elkarrizketara eta instalazioetarako bisita guztien artean egin dute “Erreferentziak” atalean dioten gisan, bikain, beraz.
    Hizkuntzaren aberastasuna eta kalitatea: Euskara garbia, akatsik gabea eta aberatsa. Bikain.
    IRIZPIDE ZEHATZAK
    Jokamoldearen egitura zehaztu: Jokamoldeak zehaztu dira baina ez da hauen azalpenik egin.
    Instalazioaren inguruan ezaugarri asko eman dituzte. Nahiko ongi.
    Joko ekintza deskribatu: Ez dute inolako informaziorik eman. Gaizki.
    Joko-testuingurua deskribatzen du: Adina eta pilotariak zehaztu dituzte, instalazioaren kokapena zehaztu dute, noiz jokatu daitekeen zehaztu dute (gauez ere bai argitasunagatik), eta txapelketa ere zehaztu dute. Lan bikaina.
    AMAIERAKO NOTA: 9
    Julen Iparragirre (Jarduera Fisikoaren eta Kirolen Zientzien Fakultatea 1. maila)

    ResponderEliminar
  7. Hasteko, informazio iturriei begira, ikusten da leku ezberdinetik lortu dutela informazioa. Eskolako bati elkarrizketa bat egin diote, eta hortaz aparte, internet baliabide gisa erabili dute bideoak eta beste informazioa lortzeko. Gainera, “erreferentziak” deituriko orrian argi eta garbi azaltzen dute nondik lortu duten informazioa.
    Ia galdera guztiak erantzun dituzte eta gehienetan zehaztazun nahikorekin. Hala ere, galdera batzuetan sakontasun gehiagorekin erantzungo nuke. Bestetik, bistan dago, blogaren aurkezpena ona eta argia dela.
    Hainbat argazki jarri dituzte eta takoak nola egiten diren ikusteko bi bideo. Dena dela, talde osoaren argazkiren bat faltan botatzen dut, blogean guztiok kolaboratu dutela bermatzeko.
    Zalantzarik gabe, bloga erabilterraza da. Atal ezberdinak ditu eta goiko aldean atal bakoitzaren izenburua jartzen du, eta bertan klik egitean atal horretara zuzenean bildaltzen dizu. Hau, irakurketa errazten du.
    Bukatzeko, euskararen aldetik, ez ditut ortografia akatsik sumatu, edo behintzat akats larririk.
    Laburbilduz, irizpide hauek kontuan hartuta blog hau oso ondo dagoela esan beharra daukat eta horregatik 8,5ko kalifikazioa jarriko nioke.

    Ainhoa Bores (Jarduera Fisikoa eta Kirolaren graduko lehenengo mailako
    ikaslea).

    ResponderEliminar
  8. Ebaluazio irizpideei dagokionez datuak jasotzeko iturri ezberdinak erabili ditu elkarrizketa bat egin dute, web gune desberdinak erabili dituzte informazioa osatzeko youtubetik lortutako bideo batzuen estekak jarri dituzte eta beste blog batzuk arakatu dituzte bloga sortzeko. Galdera guztiak jorratu dituzte eta informazioa era egokian antolatua dago. Argazki gutxi erabili dituzte eta blogaren diseinua ez zait erakargarria iruditu ez da argazkirik agertzen non taldekideen kolaborazio lana ziurtatzen den, baina informazioa ugaria eta ulergarria da, edukiak argi irakur daitezke eta hizkuntza aberatsa erabili dute. Nire kalifikazioa: 8.5

    Maialen Begoña Alvarez, Jarduera fisikoa eta kirolaren zientziak fakultateko 1.maialako ikaslea.

    ResponderEliminar
  9. 1. Ebaluazio irizpide nagusiak: Hasteko, zenbait informazio iturri desberdin erabili dituztela ikus daiteke, Arturo Arbisurekin elkarrizketa bat, youtube-ko bideo bi, elikadurari buruzko web orrialde bateko informazioa… Testuaren informazioa nahiko konpletoa da, baina egia da testu asko dagoela eta hobe izango litzatekeela bideo edo irudi gehiago sartzea (IKT). Blogaren diseinuari dagokionez, begibistaz ez da oso erakargarria baina bai ulerterraza eta argia, atal nagusiak garbi ikusten dira. Ez da oso garbi ikusten denek parte hartu duten edo ez, baina elkarrizketan denak egon zirela aipatzen da. Ortografia zaindu dute.
    2. Ebaluazio irizpide zehatzak: Instalazio edo frontoiari buruzko informazioa (dimentsioak, ikasle kopurua, argiztapena…) eta eskolaren egituraketa eta metodologia azaltzen ditu. Frontoiari buruzko historia pixka bat aipatzen du eta blog hauek, beste batzuk ez bezala iritzi pertsonala ere aipatzen du esperientzia eta aholkuen bidez.
    3. Nire kalifikazioa 7,5 bat da.
    4. Gotzon Basaldua Otxoa. Jarduera fisikoaren eta kirolaren zientziak 1. maila.

    ResponderEliminar
  10. IRIZPIDE NAGUSIAK
    Informazio iturri ugari erabili dituztela ikus daiteke blog honetan: elkarrizketak hainbat arlotako pertsonei, web orriak, beste blog batzuk eredu gisa … Eta horrek aberasgarritasuna ematen dio blogari.

    Ez da IKT-en erabilera handirik ikusten, baina hala ere, bideoak, mapa eta irudi batzuk erabili dituzte azaldutako informazioa ulergarriagoa izateko asmoz.

    Bestalde, nahiz eta informazio gehigarri askorik jarri ez duten, eskatutako informazioa era oso argian azaldua dago, eta gainera, azpitaldeen ondorioz, oso erraz aurkitzen da bilatu nahi duzun informazioa. Estetika ere oso erakargarria da, eta hori lagungarria da bloga interesgarria izan dadin.

    Hizkuntzari dagokionez, euskara garbiz azaltzen da informazioa, eta gainera, ortografikoki ez du ematen inongo akatsik dagoenik.

    IRIZPIDE ZEHATZAK

    Aurrez esan bezala, ebaluazio irizpideetan eskatutako informazioa oso argi eta zehatz azaldua dago, soberan dagoen informaziorik txertatu gabe, eta ondorioz, bloga irakurtzeko errazagoa da.

    KALIFIKAZIOA: 8,5

    Aitor Zubikarai Salegi, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako 1.mailako ikaslea

    ResponderEliminar
  11. Blog hau aztertzen hasita esan dezakegu, datuak jasotzeko hainbat iturri ezberdin erabili dituztela, adibidez, Arbizurekin eta Danok Bat-eko prestatzaile fisikoaren egindako elkarrizketak eta bertako instalazioetara egindako bisitak. Aurkezpenaren arloan ikusten da, testuak ordenatuta eta argitasunez daudela nahiz eta agian eskema batzuk lagungarri izango liratekeen. IKT tresnak ere erabili dituzte, hain zuzen ere, bideoak eta argazkiak. Kolaborazioa aztertzean ikusten da denek hartu dutela parte elkarrizketak egiterakoan. Hizkuntza aldetik idatzi dutena argia da eta ortografia akatsik gabekoa.
    Blogaren ezaugarri zehatzak aztertzen hasiz gero, ikusten da atal bakoitza argi eta garbi azladuta dagoela nahiz eta ikastetxeei buruzko informazio pixka bat ondo etorriko litzatekeen.
    Kalifikazioa: 8,5

    AITOR ETXEBARRIA ANSOTEGI (jarduera fisikoaren eta kirolaren zientziaren 1.maila)

    ResponderEliminar
  12. Hiru informazio iturri baina gehiago darabiltzala ikusten da erreferentziak orrialdean, eta oso ondo dago. Garatutako edukia galderen araberakoa da, argitasunez azaldua dago. Bi edo hiru IKT darabiltza, eta ordena ondo egon arren agian orrialde gehiago erabiliz hobeto ulertuko litzateke. Talde lanarekiko ebidentziak badaude, eta hizkuktza erakargarria da eta akats ortografiko gutxi ditu.


    Ebaluazio irizpide zehatzei dagokienez, klub eskolaren kokapena, tipologia eta historia oso ondo azaldua dago, baina ez dago hain ondo azalduta inguruan zein ikastetxe dauden. Praktikatzeko eskuragarri dauden instalazioen kopurua eta tipologia argi dago eta baita talde teknikoa eta erabilitako entrenatzailea ere. Helburuak eta materiala oso ondo azalduta dago baina gehiago sakontzea ondo legoke. Jarduera mota eta kopuruari dagokionez ondo azalduta dago, eta erakartzeko jarduerak ere. Eskolak egindako ekitaldiez hitz egiten dute, eta bestelako hainbat datu ere aipatzea oso ondo dago, honek bloga ikusgarriagoa eta erakargarria egiten duelako.

    3.- Kalifikazioa: 8

    Mikel Otegi (jarduera fisikoaren eta kirolaren zientziaren 1.maila)

    ResponderEliminar
  13. Toki Ederra Pilota Eskola:
    1- Ebaluazio Irispide nagusiak:
    - Blog hau egitean nabaria da informazio iturri desberdinetan oinarritu direla, “Erreferentziak” atalean ikus daiteke gehien bat elkarrizketan zentratu direla, nahiz eta Interneten informazio erabilgarriaz jabetu diren ere.
    - Erras aurkitu daiteke bilatzen duzu informazioa, ondo antolaturik baitago
    - IKT tresnen erabileraren inguruan, esan beharra daukat gustatuko litzaidakeena baino argazki gutxiago daudela
    - Diseinuari erreparatuz, erabilerraza iruditzen zait, ondo antolatua baitago.
    - Ezin da jakin blogeko partaide guztiak inplikatu diren edo ez, ez baitago beraien parte hartzea ziurtatzen duen argazkirik
    - Hizkuntzaren erabileraren inguruan ez daukat pegarik, egokia eta akatsik gabea da.
    2- Ebaluazio irispide zehatzak:
    - Aholkuen atala asko gustatu zait, informazio oso interesgarria eta eraginkorra dela iruditzen baitzait. Berotzeko ariketen argazkiekin edo bideoekin izugarria izango zen.
    3- Aurrez aipatutako guztiagatik, lan hau nire gustukoa izan denez nire nota 9 da.
    4- Mikel Errasti Erdozia (Jarduera Fisikoaren eta Kirolen Zientzien Fakultatea 1.maila)

    ResponderEliminar
  14. Este comentario ha sido eliminado por el autor.

    ResponderEliminar
  15. Aupa!
    Blog ona egin duzue, informazio iturri ezberdinetatik informazioa hartuz, hala nola Arturo Arbizurekin izandako elkarrizketa. Galdera ia guztiei erantzun diezuela nabari da edukiaren aldetik, baina hala ere informazio gehiago gehituko nioke txapelketen sailan.
    Bloga txukuna eta ondo antolatua dago, baina nire ustez testua nahiko pilatua dago eta horrek irakurketa aspergarriago bilakatzen du. Horregatik, eskemak edo horrelakoak erabiltzea lagungarria izango zen.
    IKT tresnei dagokienez, argazki gutxi ageri dira. Argazki eta bideo gehiago jarriko nituzke, irakurketa errazteko eta eramangarriago bihurtzeko. Blogaren kolorea eta itxura ez da oso originala, horregatik kolore biziagoak edota musika jartzea hobeto legoke.
    Hala ere, talde lan ona egin duzue, informazioa ondo ordenatuta baitago eta ortografiaren aldetik akats gutxi ikus daitezke.

    Kalifikazioa: 7,75

    Irantzu Ibarrola(Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua)

    ResponderEliminar
  16. Begirada azkar bat emanez gero, argi geratzen da blogaren txukuntasuna. Aurkezpen erakargarriak egiten du bloga gustora irakurtzea. Informazioa bilatzeko, ez dago dudarik mugitu direla; leku desberdinetan begiratu, jende desberdinekin hitz egin…
    Aurkezpena bikainekoa, argia, ulergarria eta erraza begiratzeko. Gainera, IKT tresnen bidez bloga dinamikoagoa bihurtu dute, (takoak nola jartzen diren bideoa, adibidez).
    Galderei erantzun diete, gainera, aholkuen atala oso interesgarria iruditu zait. Eskuen eta orkatilen prebentzioa, aurreberoketa, elikadura… gauza interesgarri eta erabilgarriak dira dudarik gabe.
    Orokorrean, bloga oso ondo dago, baina irudi gehiago falta dira, nire aburuz. Nire kalifikazioa: 9

    Koldo Garcia, Jarduera Fisikoko eta Kirolaren Zientzietako ikaslea

    ResponderEliminar