Erronkariko bailaran kokatuta dagoen Garde herriko pilota eskola gara. Euskal pilota, bereziki esku pilota, maite dutenen txokoa da gurea, euskaldunon kirol tradizional eder hau ardatz duena. Ez gara eskola handi bat ez ekonomikoki, ez ikasle kopuruan, ez instalazioen tamainan eta ezta lehiaketetako garaipenetan ere, baina bai ditugun gogo eta ilusioan.
Blogaren helburu nagusia gure eskolaren eta bere partaide eta jardueren berri ematea izango da. Modu honetan, eskola osatzen dugun pilotazaleen arteko informazio transmisioa hobetu eta oraindik gurekin ez dagoen jendearengana heltzeko baliabide bat sortu nahi izan dugu. Era berean, pilota munduko albiste zein aholkuak eta, nola ez, gure kirolarien lehiaketen egutegi eta nondik norakoak eskuragarri jarriko ditugu.
Gure eskolaren norabidean, pedagogikoa eta hezitzailea izatea dugu lehentasunezko helburu, bereziki hastapeneko adinetan. Modu honetan, eta handitu ahala, lehiaz gozatzeko baliabideak ikasita dituzten jokalariak sortzen ditu gure harrobiak, urte askotan gure lurretako kirol nagusia izan denak merezi duen errespetu eta mailaz aritzen direnak alegia.
HISTORIA PIXKA BAT:
JATORRIA
Erronkari haraneko pilota eskola 1997. urtean sortu zen. Jose Joaquin Galan izeneko erronkariarrak esku pilota txapelketa bat antolatu zuen bailarako gazteentzat eta erantzun zabala jaso zuen. Ondorioz, Garde herriko udala arduradun nagusia izanik, eta Jose Javier Etxandi alkate zela, esku pilota eskola bat sortzea erabaki zuten. 17 urteotan gorantza jo du nabarmen nafar lurraldeetako inguruotan pilotarekiko zegoen ikusmirak eta ikasle kopuruak.
ORAINA
Geografikoki dugun kokapenak muga faktoretzat eragiten du gure eskolan. Azken finean, gure pilotariak 5 edo 6 urtetatik 16 urte arteko haraneko gaztetxoak izaten dira, hau da, haraneko eskolan amaitu ( inguruotako bakarra) eta Iruñeara ikastera joan behar diren arte egoten dira gurekin. Beraz, ikasle kopurua Erronkari bailarako belaunaldien gazte kopuruak baldintzatzen du. Aurten 25 ikasle ditugu gure eskolan, eta sorreratik 30 haur ere izatera iritsi bagara ere, aurtengo belaunaldiaren kopuruak azken urteotako 10 ikasleak atzean uzten ditu. Kopuru ez oso handiekin kontatzeak besteak beste, hurbiltasun handiagoz lan egitea ahalbidetzen du eta oso giro polita sortzen da ikasle-irakasle harremanean, lanaren kalitatea hobea izatea ahalbidetzen duelarik.
Emakumezkoei dagokienez, haien partehartzea oraindik ere oso eskasa bada ere, egun 8 urteko neskato bat dugu ikasleen artean eta jada eskolaren 17 urteotan igarotzen den laugarrena dugu.
ETORKIZUNA
Argi dugu gaurko lanak dakarrela fruitua. Entrenamenduetan, maila on bat hartu dezaten saiatzeaz gain, entrenatzera gogotsu eta pozik etor daitezen da gure helburua, azken batean aisialdia baita pilota ere. Gaztetxoak entrenamenduaz gozatzen badu, etortzen jarraitzeaz gain, jende berria hurbilaraziko du modu honetan gure lan eta pasio honen iraupena bermatuz.